XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berotsu iritsi da abuztuaren hamabosta.

Josebak agendan idatzitakoa irakurri du: Uztailaren hamabostetik atzo arte, laurogei litro ur edanak.

Gosaria hartzeko prest daude denak.

Goizeko zortzietan eman du berria irratiak: Koldo Izagirre atxilotu dute Pasaian.

Goizeko zortzi t'erdietan Barne Ministerioko burua, Belarri Nagusia, irratian dago.

- Atxiloketa bat egin duzue gaur goizean ministro jauna.

- ETAko kidea omen da, hiltzaile arriskutsu bat.

- Nola lantzen dituzue informazioak hainbesteko xehetasunez? - galdetu dio kazetariak.

- Bai, xehetasunez eginiko ikerketen ondorioa da atxiloketa hau.

Begira, informazio mintegi dira kalea, errefuxiatuen mundua eta espetxeak.

Gu hortik elikatzen gara.

Horiek dira gure informazio iturri eta lanerako abiapuntua.

Esan dezaket, eta diot, Koldo Izagirre hiltzailearen atxiloketa, espetxetik irtendako informazio bati esker gauzatu dela...

Belarris-en berritsukeria amaiezina da.

Euskaldunak leihoan daude segituan.

- Koldo Izagirrerena entzun duzue? Atxilotu egin ditek!

Beñat nahigabeturik dago, eta zerbait gehiago xuxurlatu du: ostia!

-Barne Ministerioak esandakoa entzun duk, ezta Beñat?

- Entzun diat Joseba, entzun diat...

- Gaizki-ulertua argitu beharko zioagu -esan du Kepak.